Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Nafarroako Elikagaien Klusterrarekin (NAGRIFOOD) lankidetzan, mahai-inguru bat antolatu du urtarrilaren 23rako, osteguna, Tuteran, jasangarritasunak Foru Komunitateko nekazaritzako elikagaien sektoreari sortzen dizkion erronketan eta aukeretan sakontzeko. Ekitaldirako sarrera librea da, aldez aurretik “online” inskripzioa eginda, eta hiru enpresatako ordezkariek hartuko dute parte: Herbetec Ibérica, Trasa eta Urtech Water. Ekimena ARIES4 proiektuaren barruan dago, eta Europar Batasunak finantzatzen du Erasmus+ programaren esparruan.
Ekitaldiaren izena “Nekazaritzako elikagaien sektoreari buruzko eztabaida” da, eta José Ramón Íñigo (Trasa), Lucas Irisarri (Herbetec Ibérica SL) eta Javier López Palacios (Urtech Water) bilduko ditu. Idoia Labayen Goñi NUPeko ISFOOD Institutuko zuzendaria izanen da mahai-inguruaren moderatzailea, eta 16:00etatik aurrera eginen da NUPen Tuterako campuseko prentsa-aretoan. Mahai-ingurura joan nahi dutenek esteka honetan eman behar dute izena “online”: https://tinyurl.com/debate-tudela-agroalimentacion.
Jarduera hori ARIES4 proiektuan aurreikusitakoetako bat da, eta Foru Komunitatean, NUP, Nafarroako Garapenerako Sozietatea (SODENA) eta Hezkuntza Departamentua inplikatzen ditu, LHko bi ikastetxeren bidez: CENIFER (Imarkoain) eta Ega BHI (San Adrian). Europako proiektu horrek lau eskualde hartzen ditu bere barnean: Nafarroa, Varmland (Suedia), Hego Danimarka eta Gabrovo (Bulgaria). Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategiak dituzte eskualde horiek (S4, ingelesezko siglengatik), eta beren unibertsitate publikoak konprometiturik daude estrategia horien garapenarekin.
Negozio-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa
Esan bezala, proiektuak ARIES4 du izena (ingelesezko sigletan, Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategietan oinarriturik dauden Berrikuntzarako Eskualdeko Ekosistemen Aliantza), eta haren helburua espezializazio adimendunaren arloko ezagutza sortzea eta inplikaturiko agenteen artean trukatzea da (unibertsitateak, Lanbide Heziketako eta sektore publikoko ikastetxeak eta gizartea oro har), baita, era berean, haiek monitorizatzeko tresnak diseinatzea ere. Gainera, proiektuak negozio eredu jasangarriagoetarako trantsizioa sustatu nahi du, horretarako jardunbide egokietan oinarritutako prestakuntza-programak garatuz.
Bestalde, haren bidez berrikuntzako ekosistemetako eragile nagusien pentsamoldea, jarrera eta ekintzailetzarako trebetasunak bultzatu nahi dira, eta arreta berezia jarriko zaie ikasleei (unibertsitateetakoei zein Lanbide Heziketakoei). Finean, aldaketa horiek guztiak jasangarritasunerako trantsizioa lortzera bideratuko dira. Helburua inplikatutako eskualdeen artean komunikazio egiturak sortzea da, gai izan daitezen ikasitakoa Europako beste toki batzuetara zabaltzeko.
Espezializazio Adimenduneko Estrategia Nafarroan
Espezializazio Adimenduneko Estrategiak eskualdeen garapen ekonomikoko ereduak dira, Europar Batasunak bultzatuak, eta haien xedea da eskualde bakoitzak lehiarako dituen arlo ekonomiko abantailatsuenetan kontzentratzea baliabideak, kontuan hartuta nolako potentzial ekonomikoa eta zientifiko-teknologikoa duen eskualdeak eta nolako bilakaera izan duen eskariak. Nafarroak, zehazki, honako sei lerro estrategiko hauek ditu: mugikortasun elektrikoa eta konektatua, elikadura osasungarria eta jasangarria, energia berdearen industria, medikuntza pertsonalizatua, turismoa eta ikus-entzunezkoen industria. Jasangarritasuna da estrategia osoaren zehar-lerroa, eta 2021-2027 aldirako txertatua dago Nafarroako proiektuetan. Hala, Europako Itun Berdearekin bat egiten du Nafarroak. Gobernantza bost lan-organotan egituratzen da, eta NUP da horietako bat.